XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iru-lau urtean, ementxe ikasi eban gure Enbeita gazteak bizitza gustirako ainbat lagundu eutson eskolea.

Lenengo bertso-sayoak.

- Txikitatik ei ekarren bertso-zaletasuna eztok alan?.

- Bai, batez be bertso-paperak erosten umetatik asi zan.

Gernika'n, dakizunez, urteko astelen gustietan jai andia egin oi da.

Ori dala-ta, emen ingurukuok astean jai bi doguz, domekea ta astelena.

Astelen geyenetan ara juan oi ziran, gaur lez, gure Enbeitarrak; Kepa be bai, txikia izanagaitik, sarri aratzen zan, gurasoakaz batean.

Eta mutil koskorrari geyen eder yakozanak pelota-jokua ta bertso-paperak ziran; olango paper-ingiren batzuk beti ekazan etxera.

Bein, diñoenez, Gernika'ra joyala oñez juaten zan orduan, bertso-papel saltzalle bat aurkitu eban bidean, eta beingoan alako paper bat erosi eutson txakur andian.

Etxerantzean be, an ebillen papel-saltzallea oni ta ari paper-eskinka.

Ta Kepa'k, besteko barik, buruz bota eutsozan goizean erositako paperak ekazan gustiak; nai leukazala geyago be, baña txanponik ez sakelean.

Saltzalleak orduan, aren bertso-zaletasunaz arri ta zur, dubarik emon ei eutson beste paper barri bat.

Garai atan eskekuak, kitanuak, ijituak eta gañontzekoak etorten ei ziran olango kanta-paperakaz; eta gure Kepa amari arexek erosteko diru-eske beti.

Aren bertso-gosea!.

Bertso-paper pillo itzela ei eukan etxean.

Eta gaztetatik ei ekarren berak be olakoxe paperak argitara emoteko griña.

- Orduan ba-zan bertso giroa Usparitxa aldian?.

- Iduritu daikegun baño andiago, nunbait.

Bertso-paper orreik, geyenetan, zortzi ahapaldikoak ziran.

Eta Kepa-k buruz ekizan.

Soluan itaurren, edo bei-zañen, edo otzaragiñen ziarduen bitartean, zenbat onako ikasi eban!.

Gero abestu.

Ta zelako abotsez! Arein durundi ederra!.

Ta Kepa'k kantari ekiten, lan bitartean; txoriai begira, ipar-aixiaren intziriz, beti abeslari gozo ta bulartsu, azoka-egunetan Gernika'n saltzen ziran paperetatik ikasitako euzkel-bertso txanbeliñak....

Egia, bere aita, ikusi dogunez, etzan bertsolari makala; ta bere anai zarrago Antolin be, gaztetan beintzat, berau baño bertsolari joriagoa ei zan.

Onek esanda jakin eban Kepa'k ba-zala Zugaztieta'n gizon giputz bat bertsotan asko ekiana; bera be iñoiz izan ei zan aregaz sayotan, baña bera baño geyago izan.

- Ez al dakizu giputz au nor zanik?.

- Bai. Zugaztietan lanean ebiltzan bertsolari orreik, anai bi ziran: Jose Joakin eta Juan Jose, oñatiarrak.

Biak mutil galant eta zintzoak;(...).